Arkimidesen gerra makinak Sirakusako setioan

(K.a. 213-212)

0
668
Arkimedes Sirakusako defentsa antolatzen (Ralph Spence-ren artelana, 1895)

Arkimedes Sirakusan (Sizilia) jaio zen K.a. 287an, matematikari greziarra, astronomo baten seme, Alejandrian (Egipto) ikasi zuen Samoseko Konon astronomo eta matematikari greziarra irakasle zuelarik. Garai hartan zientzia berberetan aditua zen Eratostenesekin ere harremanetan egon zen. Bere ikasketak amaitzean, Arkimedes Sirakusara bueltatu zen non bere bizitza ikerketa zientifikora bideratu zuen. Iturri idatziek zenbait aurkikuntza esleitzen dizkiote ingeniari eta matematikari sirakusarrari, “Arkimidesen printzipioa” deritzona, Arkimidesen torlojua, palankaren printzipioa eta matematikaren munduan eginiko hainbat ekarpen asmakuntza ospetsuenak aipatzearren. Bigarren Gerrate Punikoan zehar (K.a. 218-201), Sirakusak erromatarren setioari bi urtez eutsi ahal izan zion ustez Arkimedesek hiriaren defentsarako asmatutako hainbat gerra makinari esker. Oraingo honetan gudarako makina hauen inguruan mintzatuko gara. Lehendabizi ordea, gaia hobeto ulertzeko helburuarekin, Sirakusa eta Sizilia Bigarren Gerrate Punikoaren testuinguruan kokatuko ditugu era labur batean.

Erromatarrek, Lehen Gerra Punikoa (K.a. 264-241) irabaztean, beren aldeko ziren zenbait baldintza sinarazi zieten kartagotarrei aurrera eramandako bake akordioan. Itun horretan zehaztutako klausula batek, Kartago Sizilia eta honen inguruko irlak (Egadak, Eoliak, Lampedusa eta Malta horien artean) ebakuatzera behartzen zuen, ondorioz Erroma egin zelarik lurralde hauen jabe. Sizilia hego-ekialdean ordea, zenbait poleis edo hiri estatu greziarrek beren independentzia mantendu zuten, guztien artean Sirakusa zelarik garrantzitsu eta boteretsuena. Azken honetan Hieron II.a tiranoak gobernatzen zuen aspaldidanik (K.a. 265. urtetik zehazki) eta erromatarrekin harreman adiskidetsuak garatu zituen. Leialtasun horren lekuko da aipatutako gerratean Hieronek hartutako jarrera: zenbait soldadu mertzenario eta hornigairen bitartez lagundu zuen potentzia italiarra. K.a. 218an, Erroma eta Kartagoren arteko bigarren gerra lehertzean, sirakusatarrak berdin jokatu zuen hasiera hasieratik lehenengoen alde jarriz. K.a. 216. urte bukaeran edo hurrengo urtearen hasieran ordea, tirano agurea hil zen eta berarekin bere gobernupean lortutako egonkortasun politiko hura desagertu. Bere lekua bere iloba Hieronimok hartu zuen, hamabost urteko mutiko bat.

Gaztearen esperientzia ezari bere gorteko aholkularien arteko lehiak eta liskarrak batu zitzaizkion eta polis-eko egoerak okerrera egin zuen hirian gobernu tiranikoa bota eta errepublika moduko bat ezarri nahi zuten zenbait talde agertu zirenean. 215ean bertan, Hieronimo kartagotarrekin tratuan hasi zen Sirakusaren aliantzaren truke, gerra irabaztekotan, Sizilia osoaren agintea eskatuz. Akordioak ez ziren inora iritxi eta hamahiru hilabetez gobernuan egon ondoren, tiraniaren aurkako fakzio batek erail zuen. Hiriko aristokraziaren artean eragin handia zuten zenbait gudatan ibilitako eta kartagotarren aldeko bi anai zeuden, Hipokrates eta Epizides, eta K.a. 214ean hiri estatuko bi magistratura garrantzitsutarako aukeratuak izan ziren. Boterera iritsi bezain laster, Erromarekiko erlazioak hautsi arazi zituzten, azken honen aldekoak ziren sirakusatarrak erailez eta Siziliako erromatar probintzian zenbait sarraldi eginez (Livio, 24.27). Hurrengo urteko udaberri aldera, Erromatar Senatuak Marko Klaudio Marzeloren gidaritzapean bidalitako lau legioek Sirakusa eraso zuten.

Marzelok hiria lurrez eta itsasoz setiatu ondoren, eraso zuzena egiteko agindua eman zuen: erromatar itsas armadako zenbait galera binaka lotu zituen eta hauen proan erasorako eskala sendoak eraikiarazi itsasontzien mastei helduriko txirrika sistema batzuen bitartez, Sirakusako harresietara hauen bitartez igotzeko asmoarekin. Erasorako gerra makina honek sambuca izena hartu zuen, garaiko musika instrumentu honekin zuen antzekotasunagatik. Behin dena prest izanda, erromatarrek lurrez eta itsasoz hiria eraso zuten, baina alferrik. Sirakusako harresi indartsuek eta defentsarako erabilitako gerra makinek atzera bota zituzten laziotarrak. Historiagile batzuen ustez hiri greziarrean defentsarako eraikitako tramankulu hauek garaiko garatu eta eraginkorrenak izan zitezkeen eta hauetako ez gutxi, Arkimidesek berak diseinatutakoak ziren. Idatziek gerraontziak edo infanteria tropak bete betean jo eta sarraskitzen zituzten tamaina ezberdinetako katapulta, balista eta eskorpioiak aipatzen dituzte, deskribapenetan gehiegi sakondu gabe. Hala ere, asmakizun hauen artean, garaiko historiagileak zeharo harritu zituen bat dago, “Arkimidesen Kakoa” edo manus ferrea deiturikoa.

Arkimedesen Kakoa (http://tectonicablog.com/?p=93905)

Itsasoari begira zeuden harresien goialdean ezarritako txirrika egitura batzuen bitartez, sirakusatarrek kako moduko batzuk jaurtitzen zizkieten hirira gerturatzen ziren aipatutako sambucae itsasontziei, jarraian ontzi hauen proak airean jaso eta popatik ura sarraraziz. Ondoren garabien mugimendu baten bitartez itsasontziak uretara iraultzen zituzten, sarritan hauek urperatu eta tripulazioak itoaraziz. Kontraeraso honek beldurra eta ezjakintasuna zabaldu ohi zuen itsas armada erromatarrean eta Polibio eta Livioren arabera marinel ugarik galdu zuten bizia. Plutarkoren esanetan Arkimedesen asmakuntzek oso urduri jartzen zituzten setiatzaileak, bat-batean harresietan txirrikak edo nolabaiteko egitura arraroak agertzea aski omen zelarik erromatar armadan izua zabaltzeko.

Iturri idatzi berantiar batzuen arabera, Arkimedesek eguzki izpiak puntu zehatz batean kontzentratzen zituen ispiludun tramankulu bat asmatu omen zuen, etsaien gerraontziak urrutitik erretzeko gai zen gerra makina bat alegia. Datu hauek helarazten dizkiguten iturrien urruntasun kronologikoa (zazpi mende baino gehiago!) aintzakotzat hartuta, ikerlari batzuek gertakariaren existentzia dudatan jarri ez ezik, ukatu ere egin dute ahoz aho sortutako istoriotzat joz. Polibiok gerran parte hartu zuten soldaduak ezagutzeko aukera izan zuen eta ez du horrelako deus aipatzen. Liviok eta Plutarkok, garai honekiko hobekien dokumentatutako historiagileetako batzuk, ezta ere. Horren ordez, katapulta eta eskorpioien bitartez infanteria eta ontzien kontra jaurtigai sukoiak erabiltzen zirela aipatzen dute. K.o. II. mendeko Galenok eta Samosatako Luzianok Arkimedesek “bere jakintza zientifikoen birtartez gerraontzi asko erre” zituela diote eta ispiluz osaturiko Arkimedesen makinaren lehen aipamenen berri ez dugu V. mende arte izango.

Hala eta guztiz ere, XX. mendearen erdialdetik gaur egundaino eginiko zenbait esperimentuk, Discovery Channel-eko “Super Weapons of the Ancient World” dibulgaziozko dokumentala tartean, probatu dute posible dela eguraldia lagun izan ezkero gisa horretako tramankulu bat gai izango litzatekeela geldirik zegoen itsasontzi bati segundo gutxian su emateko. Baina aipatu bezala, zerua oskarbi izatea eta erre nahi den dena delakoa geldirik mantentzea dira baldintzetako bi. Gainera gisa hontara sortutako suteak erraz itzal daitezke itsasoko ura erabiliz. Ondorioz, zaila da Arkimedesek gisa honetako armarik erabili ote zuen defendatzea, jakinda suzko mundrunadun katapulta jaurtigaiak askoz ere eraginkorragoak zirela, beren arrakasta ez baitago eguraldi onari eta etsaien mugimenduei baldintzaturik. Ez hori bakarrik, jaurtigai hauek sortutako suteak itzaltzeko zailtasun handiagoak zeuden, kasu honetan ura ez bai zen oso eraginkorra. Egia da Apuleioren Apologia liburuan, gaur egundaino biziraun ez duen Arkimedesek idatzitako liburu batean izpi erretzaileak jaurtitzen zituzten ispiluen inguruan atal bati egiten zaiola erreferentzia, baina ez da aipatzen horrelako armarik erromatarren aurka erabili zirenik. Beraz, posible da gerra makina honen istorioa Antzinate Berantiarreko ikerlariek gertakarien inguruan eginiko interpretazio oker batetik sortu izana. Dena den horrek ez du esan nahi Arkimedesek gisa horretako gerra makina bat sortzeko gai ez zenik, baina gorago esan bezala, jaurtigai sukoiak eraginkorragoak suertatzen ziren.

Arkimedesen heriotza, Städische Galerie Liebieghaus de Frankfurt am Main-en dagoen mosaiko batean

Porrotean bukaturiko hainbat erasoren ostean, Marzelok jarrera aldatu eta Sirakusa gosearen bitartez errenditzeko erabakia hartu zuen hiriaren gaineko blokeoa gogortuz. Kartago setioa hausten saiatu zen baina ahaleginak hutsean gelditu ziren. Azkenean, gau batez, sirakusatarrak erlijio ospakizun batean murgildurik zeudela aprobetxatuz, zenbait soldadu erromatarrek harresiaz jabetu eta ateetako bat zabaldu zuten erromatar armadari bidea libre utziz. Hala eta guztiz ere borroka latza izan zen, Marzelok zortzi hilabete gehiago behar izan zituen Sirakusako auzo guztiak eta Ziudadela kontrolpean izan arte. Erromatarrak hiria zakuratzen hasi zirenean, soldadu batek Arkimedes hil zuen, hau bizirik harrapatzeko aginduak izan arren. Arrazoia hauxe izan zen: zientzialariak uko egin zion bere etxetik mugitzeari momentuan burutzen ari zen kalkulu matematiko bat ebatzi arte, soldadu erromatarraren pazientzia agortuz.

Livioren arabera Marzelok Erroman garaipen militarra edo triumphus-aren ospakizuneko prozesioan, Sirakusaren zakuraketan eskuratutako ondasun, gatibu eta artelanak ez ezik, bertan topatu zituzten gerra makinak ere erakutsi zituen. Zehazten ez bada ere, ulertzekoa da Arkimedesen katapulta, eskorpioi eta kakoa ere, hauen artean egongo zirela.


Bibliografia

Goldsworthy, A., 2008, La caída de Cartago. Las Guerras Púnicas, 265-146 a.C., Ariel, Madril.

Livio, Historia de Roma desde su fundación, J.A. Villar-en itzulpen eta oin oharrak, 1990, Gredos, Madril.

Plutarco, Vidas Paralelas, 3, Marcelo, A. Pérez eta P. Ortizen itzulpen eta oin oharrak, 2006, Gredos, Madril.

Polibio, Historias, M. Balasch-en itzulpen eta oin oharrak, 1981, Gredos, Madril.

Simms, D.L., 1977, «Archimedes and the Burning Mirrors at Syracuse»,
Technology and Culture, 16.1, 1-18.

Gustuko? Hartu unetxo bat eta lagundu Jokin eta Hatza.eus Patreon-en!
Hurrengo artikuluaIngeniaritza elektronikoaren aitzindari baten istorioa: Bob Widlar
mm
2012. urtean Historian lizentziatua EHU-UPV-n, unibertsitate berean Mundu Klasikoko masterra bukatu ondoren maiatzean defendatuko duen baskoi eta akitaniarren inguruko doktoretza tesia burutzen aritu da orain arte. Gai berberaren inguruan artikulu ugari publikatu dizkiote, beste hainbat bidean daudelarik. Atzerrian zenbait egonaldi zientifiko egin ditu eta nazio eta nazioarteko izaera duen historia eta arkeologiaren inguruko hainbat kongresutan izan da, zenbaitetan ere parte hartu duelarik. Euskal Herriko Unibertsitatean bi ikasturtez irakasle gisa aritzeaz gain, Gradu Amaierako Lanen ebaluaziorako epaimahai batzuen kide ere izan da.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.