Hasieratik hasten: Zer da Adimen Artifiziala?

0
958
Adimen artifiziala
Zure ordenagailuak halakorik egiten hasten bada, itzali eta berriro piztu.

Asko entzuten da adimen artifizialari buruz, baina ze demontre da adimen artifiziala? Hollywooden arabera modako apokalipsia, etorkizunera begira dauden hainbat psikologoentzat zure hurrengo bikotea, katastrofista pseudomodernoentzat gure ondorengoei ogia kenduko dien deabruaren ideia.

Baina utzidazue sekretu bat kontatzen: Adimen artifiziala ez da berria.

<<Oh! Ah! Ezin liteke! Ez dago adimen artifiziala baino berriagorik! Konputazio kuantikoaz aparte! Eta edonork daki hori timo hutsa dela.>>

Hasteko, konputazio kuantikoa ez da timo bat. Ziurrenik. Eta jarraitzeko, bai, irakurle agurgarria, adimen artifiziala kontzeptu zaharra da, 1956koa zehazki (Wikipediako informazioa zuzena baldin bada). Kontzeptu hau John McCarthy-k* sortu zuen eta makinak adimentsu egitearen zientziari deritzo.*Baina, tipo honek 90eko hamarkada aldera interneten pribatutasunagatik borrokan zegoen eta, beraz, gauzak urrunetik ikusten zituela bistakoa da.

Kontzeptuaren sorrera urtea eta gaur egungo makinak ikusita erraz okurrituko zaigu hurrengo galdera: garai hartan ze makina zen adimentsu? Edo ideia besterik ez zen? Erantzuna “adimentsu” zer kontsideratzen dugun araberakoa da. Bere burua kontrolatzeko ahalmena duen makina baldin bada oso berandu ailegatu zen adimen artifizialaren kontzeptua, Ka. 250. urtean halakorik egiteko gai ziren erlojuak baziren eta (ez banauzue sinisten bilatu Ctesbio-ren izena. Tipo galanta, hori). Logikako problema (batzuk) erantzuteko gai den makina baldin bada, orduan Turing-en* makina unibertsalaren sorrerara mugitu behar ginateke, kontzeptua sortu baino hogei urte aurrerago. Ordea, gure makinak esaldiak ulertu eta interpretatzeko gai izan behar bada, 1950eko hamarkadaren bukaerara jo beharko genuke. 1960kora makina iragarpenak egiteko gai izatea nahi ezkero (gai eta kondizio zehatz batzuetan, noski). Eta azkenik, jakintsuen espezialitatea kontsideratzen den jokoren batean gizakia gainditzeko gai den makina baldin bada adimentsua, orduan 1997ra joan beharko genuke, Deep Blue eta Kaspároven arteko xake partidara. *Informatika orokorreko badass-a. Agian bere bizitzari buruzko pelikula ikusi duzue. Bai, neska oso soberan zegoeneko film hura.

Guzti hau, baina, oso urrun dirudi. Xakera nork jolasten du profesionalki? Zeinek egiten du lehen ordeneko logika egunero? Hobe esanda: nola ostia dauka honek nire bizitzan inolako zeresanik? Nirean konkretuki nahikotxo, honetara dedikatzen bai naiz, baina galdera uler dezaket. Nolatan aldatu du adimen artifizialak gure eguneroko bizitza? Edo zerbait aldatu du behintzat? Baietz suposa dezakegu, mugikor adimentsuekin eman duten murga kontuan izanda. Baina horiek ahalmen handiko mugikorrak (edo ahalmen gutxiko ordenagailuak) baino ez dira, ezta?

Hasteko xakelean duzun telefono hori gizaki koadrila bat ilargira bidali zuen ordenagailuak baino ahalmen gehiago izateaz aparte zure ohitura guztiak zeure amak baino hobeto ezagutzen dituela jakizu, adimen artifizialari esker, eta bigarren, utzidazu urbil dugun adimen artifizialaren etsenplu pare bat ematen.

Roomba eta egiten duen mapa
Roomba bere etxetxoa marrazten. Beste batzuk mandalak margotzen dituzte.

Lehenik eta behin, roomba. Roombak adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzen ditu garbiketa optimizatu bat egiteko. Ziur hau egiteko erraza iruditzen zaizula. Edonork garbi dezake bizitzan lehenengoz ikusten duen etxe bat, arazo gutxirekin. Baina zer gertatuko litzateke itsu izango bazina? Eta inork ez badizu etxearen konfigurazioa azaldu? Eskuekin bilatuko zenituzke horma guztiak hasi aurretik? Edo lerro zuzen batean garbitzen hasiko zinateke, horma bat topatu arte? Kontuan izan nekatuta sentitzerakoan hasierako puntura bueltatu beharko zinatekeela, ahalik eta azkarren, gela erdian galdu gabe (Erreza iruditzen bazaizu itxizazu begiak, buelta pare bat eman eta ezagutzen duzun gela bat alde batetik bestera zeharkatu. Erraz asko ulertuko duzu zergatik suhiltzaileek kea dagoenean hormatik ez aldentzea gomendatzen duten). Ba hori dana roombak erabaki behar du, dituen sentsoreak erabilita eta lurretik 20 zentimetrora, gehienez. Ez dago zure etxera joaten den programatzailerik, ez zure etxeko mapa katastrotik hackeatzen duen tiporik. Ezta NSAk ez da zure etxeaz arduratzen, arraroa badirudi ere. Beraz, adimen artifiziala erabiltzen da, sentsorek jasotzen duten informazioa gorde eta antolatzen duena, bere software burmuinean mapa bat sortuz, algoritmo bitartez garbitzeko modurik honena kalkulatu ahal izateko.

Adimen artifizialak, ordea, ez du beti gorputz fisikorik behar. Hau da, ez da beti robot baten barruan egon behar. Noizbait bankutik ailegatu zaizu edozein “transakzio hau ez da normala, mesedez, demostra ezazu zu zeu zarela” motatako mezurik? Egizu bidai sorpresa bat eta ia ziur bat ailegatiko zaizula. Edo interneten zer edo zer ordaindu, normalki egiten ez baduzu. Azkar asko agertuko da. Zergatik? Bai, zuzen zaude: Adimen artifizialen erruz (ez zen galdera zaila, artikulua orain arte irakurtzen egon bazara). Banku guztiek zure transakzio guztiak ikusten dituzten programak dituzte, zu ezagutzeko gai direnak, errutinak ikasten dituztenak. Programa horiek zein kutxazain gustuko duzun, non bizi zaren (edo behintzat non pasatzen duzun denbora gehiena), hilean zenbat gastatzen duzun dakite. Zenbateko kantitateak ateratzen dituzun. Interneten erosten duzun. Bidaiatzen duzun. Programa horiek zutaz motibatutako stalker bat baino gehiago dakite. Eta zertarako? Lapurreta, bikoizketa edo antzekoren aurrean  erantzun azkarra izateko. Egunero bezala etxe alboko kutxazainetik dirua atera eta hamar minutu geroago Texasen txartel berdina erabili dela? MEEK! MEEK! Arazo bat! Azken berrogei urteak zure herrian pasa ondoren hiru egun jarrai Europako hiru hiriburu ezberdinetan txartel bera erabili dela? MEEK! MEEK! Arazo bat! Taiwaneko orri ilun batean mila euro balio eta deskripzio modura “Happy times” baino ez duen gauzaren bat erosi duzula? Ez dut hortaz ezer jakin nahi, eskerrik asko. Gauza da, zu ezagututa portaera “normaletik” ateratzen diren puntuak aurkitu ditzaketela, algoritmo bitartez, zuretzat (baina batez ere bankuentzat) arriskutsuak diren praktikak arin aurkitzeko. Eta hori, adimen artifizial barik eta pertsonak erabilita, ezinezkoa litzateke.

Cleverbotekin elkarrizketa
Cleverbot existentzia krisi erdian

Baina kasu bi hauek ez dute Hollywoodeko pelikuletan agertzen diren adimen artifizialaren itxura askorik, Roombak StarWars-eko Heriotzaren Izarran agertzen diren robot txikiekin duen antza kontuan artzen ez badugu. Ez dira pertsona antzerakoak. Ez dute Termineitor-en antza, ez dira Her-eko Siri moduko hori. Egia, baina artikulu hau ez da oraindik amaitu. Badira pertsonak simulatzen dituzten adimen artifizialak ere, noski. Tinder, Instagram edo antzerakoak erabili badituzue  ziur halakoren batekin topatu zaretela. Bot deritze eta, bakoitza bere neurrira, pertsona baten modura jokatzen dute, elkarrizketa jarraitzeko “gai” izanez. Gehienak nahiko txarrak dira, interneteko orri partikular batzuetara gonbidatzen zaituzte edo like-ak bilatzen dituzte modu ez oso finean. Ez dira diskurtsoaren koherentziaz arduratzen. Baina badira elkarrizketa moduko bat jarraitu dezaketenak, modu bideratu batean kasu gehienetan (CleverBot, Ikea-ko Anna edo Siri/Cortana/Google Now/Echo), eta Turing-en Testa* pasa dutenen zerrenda luzatzen doa ia urtero. Azkenengoa, 2014an, Ukrainako nerabe baten plantak egiten zituen. Eta lehengoa, 1966an (nahiz eta nori galdetzen diozun araberakoa den), psikoterapeuta bat simulatzen zuen. Adimen artifizialaren etsenplu zehatz hauek zailtasun berezi bat daukate: hizkuntza. Ez soilik gramatika dela eta (nahiz eta bot hauek diseinatzen dituen edonork gogoz eskertzen duen ingelesaren gramatika erreza) baizik eta metafora, ironia, broma eta esamoldeengatik. Ia gizaki bakoitzak hitz egiteko modu partikularra dauka eta, beraz, aurreko kasuak baino askoz problema aldagaiagoa suposatzen du, esaldiaren estruktura eta hitzak ulertzeaz gain (errore eta ortografia kreatiboak kontutan izanda) testuingurua ulertu behar duelako. Eta horretan ezta gizakiok ere ez dugu beti asmatzen.
*Aurreko badass berak asmatu zuen proba, non programa eta pertsona pare bat partaide batzuekin hitz egiten duten, azken hauek programa zein den asmatu behar dutelarik.

Hala ere, artikulu hau horren urrun hasterako (1956an, gogoratzen baldin ez bazara) orain arte jarritako adibideak nahiko berriak izan dira. Beraz, gurekin denbora gehien daramaten adimen artifizialekin bukatu nahiko nuke: jokoetako etsaiak. Gogoratzen Pac-man-en mamuak? Xake tablero automatikoak? Bai! Horiek bai zirela etorkizunetik etorritako makinak! Jokoetan beti izan dira aurkariak, Watchdogs, GTA edota lehenengo FIFA baino askoz lehenago (honetaz gehiago irakurri nahi ezkero, hemen bertan Julianek idatzitako artikulua daukazue). Kasu konkretu batzuk aparte, etsaiek jokoaren mapan pertsonaia kokatzeko eta kokapen horren araberako erabaki bat hartzeko gaitasuna izan behar dute. Joko batzuetan aukerak ez dira oso anitzak (pertsonaiaren kontra ala ihes), edo aukera zehaztu batzuk dira (xakearen estrategia jakinak), baina jokoak garatzen joan diren arabera aukera posibleak aniztu eta konplikatu dira. Shooter-etan noiz aurrera egin, noiz tiro egin, noiz ezkutatu aukeratu behar dute. Hainbat rol jokoetan noiz ihes egiten saiatu, noiz babestu, noiz eraso edo noiz sendatu. Hau dena zenbakiak soilik erabilita.(Eta, askotan behintzat, aukera zuhaitzak deitzen diren gauza batzuk erabilita, baina beste egun batean egingo dizuet hortaz berba).

Marauder xake tableroa
90eko xake partidarik sentituena: Kaspárov vs. Deep Blue? Ez, ni vs. Marauder

Suposatuko duzuenez, hauek baino askoz adibide gehiago ditugu gure eguneroko bizitzan (Google Maps-en ibilbide kalkulatzailea, edozein dendatako produktu gomendatze sistema, gmail-eko iragarkien aukeratzailea, etab.) baina errepaso azkar honekin adimen artifizialaren inguruko oinarrizko ideia bat eman izana espero dut. Izan ere gure bizitzan duen inplikazioa geroz eta handiagoa da eta, etorkizuna baino, gure gaurko eguna suposatzen du. Horregatik, hau identifikatzeko eta, modu batean edo bestean, ulertzeko gai izan beharko ginateke. Zertan sartzen ari garen jakiteko, beldurra garaitzeko edo, behintzat, zeri beldur izan behar diogun jakiteko. Orduan, teoriara bueltan, zer esan dezakegu, hau guztiaren ondoren, adimen artifizialari buruz? Makina batek aurretik ikusi ez duen konfigurazio partikular baten aurrean (zure etxe partikularraren mapan, zure ohiko ordainketen testuinguruan, zure elkarrizketa berezituan, zure partidan) problema orokor baten (zorua garbitu, transakzio ezohizkoak topatu, informazioa eman edo lortu, pertsonaia akabatu) soluzioa aurkitzeko duen gaitasuna dela. Eta geroz eta gehiago hobetzen doala, bizitza aldi berean erraztuz eta konplikatuz.

 

Gustuko? Hartu unetxo bat eta lagundu Leire Ozaeta eta Hatza.eus Patreon-en!

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.