BERDEAGO ENERGY 2018. Lehen kapitulua: arkitektura jasangarriaren printzipioak

0
421

Seigarren urtez, jasangarritasun gaiez interesa dugun Euskal Herriko tekniko eta norbanakoek hitzordua izan dugu Durangon. Aurten, hilabete bat aurreratuz, lehen edizioetan jazo zen data berberetan hain zuzen ere. Modu berdingabean eskaintzen digu Berdeago energyk, eraikuntza munduan jasangarri izateak dauzkan esanahi multipleak. Aurten inoiz baino gehiago, interesdun herritar eta espezialistez aparte, eraikuntza alorrean murgildua dagoen edonork etekin handia aterako dion formatua eskaintzen digu.

Landako azoka gunea. Argazkia Berdeagoren eskutik

Azokan ikasitakoa kontatzeko helburua duten artikulu serie baten lehen atala zaudete irakurtzen. Hauetan, eraikin jasangarri bat izateko, burututzat  eman arte jasaten duen prozesu osoa deskribatzen saiatuko gara, eta gaur lehen fasean zentratuko gara. Honekin, edozein arkitektura proiektuk, bizitzeko egoki izango den espazio orok, derrigorrezko beharko zuen diseinu faseari buruz ari gara. Berdeago azokako stand eta hitzaldietan ezagutu ditzakegu, tokian tokiko kasueri erantzunez diseinu bioklimatiko bat aplikatzeko gai diren eragileak.

Nola daude osatuak diseinatzeko ikuspuntu honen kriterioak? BRIZNA bioeraikuntza estudioak argi uzten digu Araban aurrera eramaten dituen bioeraikuntza proiektuekin. Landu beharreko eraikina, berri edo eraberritua izan, inguruak eskaintzen dizkigun baliabideen aliatu bilakatu behar da eta erabiltzaile izango denaren ardura mailarekin aurrez aurre jarri. Honen ondorio, parte handi batean, espazioak egoki diseinatzea inguruko klimaren ezaguera onarekin lotua egongo da. Eguzkitzapen egokia ahalbidetzea, inertzia termikoaren erabilera egokia, isolamendua eta airearekiko estankoa izatea… Hau dena, BRIZNAk bezala, ECOPAJA enpresak  edo Miren Caballeroren estudioak, besteak beste, erabiliko diren eraikuntza materialen jatorria kontuan izanik ahalbidetuko dute.

Miren Caballera Bio-estudioaren eskutik. Vivienda unifamiliar estandar passivhaus

Txunditu naute berriz ere aurtengo edizioan, material natural eta lokalen bidezko eraikuntza sistemek izan dezaketen teknifikazio maila altuak. Horrez hitz egiteko aukera aparta izan dut aipatu berri dudan ECOPAJAko Jose Viegarekin. Lastoa izanik oinarrizko materiala, ongi diseinaturiko modulu bat garatu dute, non erresistentzia mekaniko eta suteen aurkako frogak gainditzeko gai izan dira ENAC akreditazio ofizialeko laborategi batean lortuak hain zuzen. Horrez gain transmitantzia balio desiragarriak ere zertifikatu zaizkio beharrezko test-en bidez, isolamendu aparta eskeintzen duten produktu bat bilakatuz, bere kabuz itxitura eta egitura bezala lan egiteko aukera duen elementu bakarrean. ECOPAJAk hasitako bideak, eraikuntza sistema alternatibo hauen normalizaziora pausoak emango ditu dudarik gabe, legedian poliki poliki txertatzearekin batera.

ECOPAJA moduluak

Argi izan dezagun, proiektu bat habiatzerakoan lehen pauso hauek erabakigarriak izango direla, ez eraikuntza bukatu ostean soilik, baizik eta batez ere  eraikinaren bizitza erabilgarri osorako. Benetako garrantzia dute. Alde batetik eraikinaren kontsumo energetikoan inpaktu garrantzitsua izango dute, ohizko eraikinen erdia baino gutxiago kontsumitzen hasteko bezala. Bestetik bertan bizi edo lan egingo dutenen osasunean eragin zuzena dute. Azken hau oso landua izan da feriako ekintza ezberdinetan, bai Iván Paínok BRIZNAko kideak eta baita ere Bioeraikuntzako Institutuaren kide den Mikel Martinezek. Bueltatuko gara osasunaren gaira sakonago aurrerago planifikaturiko atal batean, gai zentrala izan baita egun hauetan ere.

Gaurko ekarpena ixteko, azokako partaideekin partekatutako elkarrizketetatik ondorioztatutako hausnarketa batekin uzten zaituztet. Gaurtik hasita, etorkizunean eraikinek izango duten teknifikazio maila altuaren aurrean, arkitektura estudioek obra berri eta eraberritzeen irudi orokorra mantentzen jarraitu beharko dute. Ondorioz eraikinaren behar zehatzak beteko dituen ezaugarri eta ekipamenduei buruz ideia argiak dituzten kideak behar ditugu. Arkitektura estudioek gremio ezberdinen aurrean bezeroen aliatu erreal izan beharko dira, inoiz baino gehiago, berriz ere, eraikuntza bide berri hauek zentzuzko ebazpena izan dezaten.

Hurrengo kapituluan teknifikazio hau nondik nora doan aztertuko dugu, Berdeago azokaren alderdi garrantzizko bat ere bai. Jarraitu datozen egunetan hemen publikatuko ditugun idatzi berriak!

Gustuko? Hartu unetxo bat eta lagundu Iñaki Larrañaga eta Hatza.eus Patreon-en!

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.